Gaur egun berezi, berdinik gabea agertzen zaigu Burundako euskara. Ziurrenera, haren mendebalean −Araban− eta hegoaldean −Ameskoan eta Lanan− zituen aspaldi bere antzekoak, baina haiek galdu ziren. Gaur egun ekialdean −Etxarri Aranatz, Ergoiena− dituen hizkerak ezberdinak dira. Ezberdinagoak iparraldean −Segura, Zegama, Idiazabal, Ataun− dituenak, nahiz eta Bonapartek 19. mendean eta Mitxelenak 20.enean, Burundako hizkera gipuzkeraren eremukoa zela esan.

Burundako sei herrietan egin da antzeko euskara; gaur egun, ordea, Urdiainen baizik ez dirau bizirik. Ziordian, Olatzagutian eta Altsasun 20. mendean galdu zen. 2018 honetan hiztun bakarra dago Iturmendin: Fermin Gabirondo. Bakaikun gehiago dira, baina ez diete gazteei erakutsi.

Burundako hizkeraren berezitasunetako bat haren kokagunearen ondorioa da: Nafarroan dago, baina Gipuzkoaren eta Arabaren ondoan, eta auzoko bi herrialde horietatik asko hartu du. Hitz askotan ageri da Arabaren eragina: domeka ‘igande’; ean/yan ‘eroan, eraman’; gaztai ‘gazta’; horma ‘pareta’; indiaba ‘babarrun’; izara ‘maindire’; izeko/izko ‘izeba’; jostai ‘ostots, trumoi’; kaixa ‘gerezi’, kipula ‘tipula’; narru ‘larru’; okela ‘haragi’; uaxa ‘igel’… Eta gauza guztien gainetik, -a batekin bukatzen diren hitzei artikulua (a) gehitzen zaienean, -ia egitea: domekia ‘domeka, igandea’; izaria ‘izara, maindirea’; klabikulia ‘klabikula, lepauztaia’; tabernia ‘taberna’; txuletia ‘txuleta’…

Bada, gainera, harrigarria den gertakaria: Burundako hizkeran gauza zahar asko gorde dira. Harrigarria da, Burunda ez dagoelako leku bakarti batean, pasabidean baizik. Handik igarotzen dira Gasteiz eta Iruña eta Gasteiz eta Gipuzkoako itsasaldea lotzen duten bideak.

Burundako hizkeraren izaera gordetzailearen lekuko da il, in eta it bere horretan atxiki izana, ill, iñ eta itt bilakatu gabe: gailur, zail, laino, oinez, zituen… esaten dira; ez gaillur eta oiñez gisakoak. Erdaratik hartutako hitzetan ere saihestu egin dira hots horiek: goinatu/goinata, kutxilo, ladrilu, parrila, pastila, sila… esaten dira.

Era berean, duazu ‘didazu’ (zuk neri eman duazu), dua ‘dit’, duazai ‘didazue’, duai ‘didate’, giauzu ‘diguzu’, giau ‘digu’, giauei ‘digute’ gisako adizkiak esaten dira, guztiz bereziak inguruko hizkeretan esaten direnen ondoan.

Burundako hitzetan ere agertzen da antzinako euskararen aztarna: autzi ‘utzi’; bekela ‘bezala’; galte ‘kalte’; gata ‘kate’; musti ‘busti’; yazi ‘irazeki, piztu’…

Eta, jakina, bertako hitz bereziak ere badira: ailubi ‘marrubi’; antuxa ‘usin, doministiku’; atxitaporru ‘zapaburu’; imirrimau ‘armiarma’; matxurreta ‘masusta’; mutiki eta nesaki ‘12-16 urte bitarteko mutil eta neska’; mutxikan ‘jolasean’; mutxitarro ‘txori-izugarri, txorimalo’; muxinkuen ‘borrokan’; onguramin ‘apeta’; ozpingarri ‘lurra jotzen duen tximista’; sulso ‘ziza’; tapilo ‘korapilo’; txindila ‘dilista’; txitxigarro ‘kilker’; zinzirrin ‘belarritako’…

Argibide gehiagotarako ikusi:

http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/74034.pdf

 

Koldo Zuazo

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea