Ospakizunak

Urte zahar gaua: Ur goiena, Ur barrena

Urte Zahar Gauean, abenduaren 31n, urari lotutako erritua egiten da Urdiainen, Ur goiena, Ur barrena izenekoa.

Gaueko 12:00ak baino lehen, herritarrak apaizaren etxeko atean elkartzen dira. Herriko bi gazte bi iturritara inguratzen dira, elizako ezkilek 12:00ak jotzeko zain. 12:00etan puntu-puntuan, gazteek pitxerrak iturriko urarekin bete eta korrika joaten dira apaizaren etxeko atarira. Bertan, herritar guztiak biltzen dira gazteen zain. Horiek iristen direnean, bertaratutakoek Ur goiena, Ur barrena kanta abesten dute. Bukatutakoan, apaizaren etxeko atea zabaldu eta jendea barrura sartzen da. Etxe barruan, herriko agintariak egoten dira, herritarren zain. Gazteek ur hori bertaratutakoen artean banatzen dute, eta jendeak osasuna eta bakea opatzen diote elkarri.

Erritu hau antzinatik dator, eta haren arabera, urte berriarekin mundu osoko ura jaioberritu egiten da, eta ur hori edaten duena gaitzetik babesturik egongo da urte osoan.

Santa Ageda

Santa Ageda bezpera otsailaren 4an ospatzen da. Urdiainen, Sakanako beste hainbat herritan bezala, Santa Agedaren inguruko ospakizunetan “kintoak” dira festako protagonistak. Ostiral, larunbat eta igande goizetan, etxerik etxe eskean ibiltzen dira, baserritarrez jantzita. Igandean, Urdiaingo zortzikoa dantzatzen dute herriko plazan. Etxez etxe bildutako diruarekin kintoak bapo jartzen dira asteburu osoan zehar egiten dituzten bazkari eta afarietan. Larunbatean, kanpoan bizi diren herritarrak eta bertakoak elkartzen dira giro onean egiten diren bazkari eta afarietan.

Momoxarruek

“Momoxarroak eta Mantagunak” dira Urdiaingo inauterietako pertsonaia nagusiak.  Hiru egunez ospatzen dira. Larunbatean “mantagunak” ateratzen dira, eta igande eta asteartean, “momoxarroak”. Mantagunak arpilerazko mantak edo zakuak jantzita, makila eskuan dutela ingurukoak zirikatu eta berotzen dituzte. Momoxarroek, berriz, askotariko itxura dute: ardi-narruak edo ohe-estalkiak izan ditzakete soinean, aurpegia estalita, eta farak gerritik lotuta, atzealdean. Batzuek buruan txano konikoa eramaten dute. Makila eskuetan, jendea berotzeko ahalegin betean aritzen dira. Ondoren, txokolate-jana izaten da, plazan edo frontoian, eguraldiaren arabera.

San Juan bezpera

Ekainaren 23an San Juan bezpera ospatzen da, arratsaldeko 19:00etan neskak udaletxetik San Juan baselizara abiatzen dira eta herritarrak atzetik jaisten dira txistulariek giroa alaitzen duten bitartean. Bertara iristean, meza egoten da, eta bukatzerakoan, neskek San Juan kantaita abesten dute eta sua pizten da. Orduan, udaletxeko kideek ardoa banatzen dute eta baita txorizoa eta gazta ere. 21.00ak aldera bukatutzat ematen da eta herritarrak afaria prestatzera joaten dira.

Herriko San Pedro festak

Ekainaren 29an San Pedro eguna da, eta egun horren hurrengo larunbatean hasten dira Urdiaingo festak. Bost egunez luzatzen dira festak Urdiainen. Ekintza ugari izaten dira herrian festak ospatzeko. Egunero, besteak beste, dantzaldia egoten da herriko plazan, eta eguerdi eta iluntzean, Udalak ardoa banatzen du zilarrezko katiluetan. Igandean, historiari eta tradizioari fidel, herritarrak San Pedroko zelaira joaten dira. Han, bazkaldu eta iluntzean, herrira itzultzen dira.

Andramauztuko festak

Andramauztuko festak abuztuaren 14an eta 15ean ospatzen dira Urdiainen. Herriko gazte asanbladak Gazte Eguna antolatzen du, festen ondoren edo aurretik. Guztira, beraz, hiru egunez luzatzen dira festa txikiak izenarekin ezagutzen diren festak. Hamabostean beheko basoan egiten da. Meza, Aitziber baselizan ospatzen da, eta bazkariak, Urriztiko zelaian.

Gabon bezpera

Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria egiten zaie. Kantuz eta txistulariek alaituta, herriari buelta ematen zaio. Ibilbidean barna, haurrek dantza egiten dute. Bukaeran, eliz atarian, pikuak ardo beroarekin banatzen dira.