1. URTE ZAHAR GAUA
    Urte Zahar Gaua Abenduak 31an ospatzen den urteko azken eguna da, beraz gainontzeko lekuetan bezala Urdiainek bere ospakizuna du. Bertan, urarekin zer ikusia duen tradizio desberdin bat egiten da; Ur goiena, ur barrena deritzona.
    Erritu honetan, apaizaren etxean ura edaten da urte berria ondo hasteko asmoarekin. Esaten da, 00.00etan kanpaiak jotzean, mundu osoko ura jaioberritu egiten dela eta edan ez gero, norbera urteko gaitzez babestua geratuko dela. Ondorioz, herriko bi gazteek kanpaikadetan iturriko ura jasotzen dute, jarraian apaizaren etxera eramateko eta herriari eskaintzeko. Herritarrak banan banan tragotxo bat ematen dute.
  2. SANTA AGEDA
    Santa Ageda bezpera, Otsailak 4an ospatzen da, eta edozein lekutan aurki dezakegun jaia da. Hala ere, Sakanako zonaldean, Santa Agedak itxura desberdina hartzen du; izan ere, kintoak dira festa honetako protagonistak.
    Hori dela eta, esan daiteke, egun garrantzitsua suertatzen dela Urdiainen. Jai hau kintoek eta gainontzeko herritarrek ospatzen dute; lehen hauek asteburu osoan zehar, bazkari eta afariak eginez parrandarekin bat; eta herritarrek berriz, larunbatean bazkari eta afaria eginez, bakoitzak bere kintoekin batera. Noski, herritar guztiak
    parranda egiteko elkartzen dira herriko tabernetan.
  3. MOMOXARROAK
    Hiru egunez daude osaturik Urdiaingo inauteriak, larunbatean hasten dira eta gainontzeko lekuetan bezala, igande eta asteartearekin jarraitzen dute. Bi pertsonaia ditugu bertan, “mantagunak” larunbatean ateratzen direnak eta “momoxarroak” igande eta asteartean ateratzen direnak. Baina biek antzekotasun bat dute: makil batez baliatuz herritarrak jotzen dituzte, noski, azken hauek ihes egiten dute korrika.
  4. SAN JUAN
    Ekainak 23an San Juan bezpera ospatzen da, eta bertan erritual berezi bat egiten dute herriko neskatxa gazteek. Dantzatu eta abestu egiten dute apaizak meza eman ondoren, eta horrela San Juan gaua irekitzen dute. Izan ere, neskak abesten hasterakoan San Juan sua pizten dute.
    Arratsaldeko 19.00etan neskak udaletxetik San Juan baselizara abiatzen dira eta herritarrak atzetik jaisten dira txistulariek giroa alaitzen duten bitartean. Bertara iristean, apaizak meza eskaintzen du 20.00etan, eta bukatzerakoan neskak abestu eta sua pizten da. Orduan, udaletxeko kideek ardoa banatzen dute eta baita txorizoa eta
    gazta ere. 21.00ak aldera bukatutzat ematen da eta herritarrak afaria prestatzera joaten dira.